Basque Industry 4.0 Europako azoka industrialik garrantzitsuena den Hannover Messera itzuliko da, datorren apirilaren 23tik 27ra, eduki berriekin eta estrategia irmo eta sendotuarekin. Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Manu Salaverria, Industry 4.0 Gidaritza Taldeko zuzendari exekutiboak gaur eman dituzte ezagutzera Euskadiko standaren xehetasunak: teknologia-zentroek industriarentzat garatutako teknologien adibideak, Bind 4.0 azelerazio programan parte hartu duten start-upak, edota pertsonen prestakuntza 4.0 industriaren esparruan. Iaz Basque Industry 4.0 nazioartean aurkezteko balio izan zuen azokak; aurten berriz, munduko agertokirik onenetakoan bere presentzia sendotzeko baliatu nahi da.
Euskadi bigarren urtez jarraian egongo da Hannover Messe azokan, 4.0 industrian euskal esperientzia nazioartekotzeko estrategiaren esparruan kokatuta. Hannoverrera eramango diren produktu, sistema, programa eta ekimenen aurkezpenak egingo ditu euskal ordezkaritza publiko-pribatuak, 4.0 industriaren arloan enpresek, teknologia-zentroek eta hezkuntza sistemak lortutako aurrerapenak ezagutzera emateko helburuarekin.
Honela, Euskadiko standean antolatutako egitarauan eta azokak antolatutako zenbait forotan, euskal 4.0 industriaren zutabe nagusiak azaltzeko aukera izango da: Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa, Basque Digital Innovation Hub, Bind 4.0 azeleragailu publiko-pribatua, teknologia-zentroen proiektu eta produktuak, 4GUNE - Unibertsitate Sistemako klusterraren xedeak edota Lanbide Heziketa, Batzorde Europarrak erreferentetzat aukeratua izan dena.
Iturria: Irekia