EAJ-PNVk berretsi du 155.a indarrean dagoen bitartean ez dela aurrekontuak negoziatzera sartuko

Aitor Esteban EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeko bozeramaileak baieztatu duenez, Espainiako estatuan une honetan ematen ari den salbuespen egoeran,Euskadiren interesak defendatzeko erarik onena da “Euskal autogobernua arriskutan jartzen duen” 155.a ez legitimatzea
27 Martxoa | Berria

EAJ-PNVk 2018ko Estatuko Aurrekontuen aurrean defendatzen duen jarrera argi baino argiagoa da: 155. artikuluak indarrean dirauen bitartean,ez dago aurrekontuei buruzko negoziaketa irekitzeko aukerarik.Hala ohartarazi izan du talde jeltzaleak, iragan urritik aurrera eta EAJren kontrako botoarekin, Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri zenetik; hala berretsi zuen EAJ-PNVren Aberri Batzarrak iragan ostiralean Sabin Etxean batzartuta, eta termino beretan mintzatu da gaur Aitor Esteban Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeko bozeramailea, Ministroen Kontseiluak 2018ko Aurrekontu Orokorrak onetsi ondoren. “EAJ-PNVk hainbatetan esan du 155. artikuluak Espainiako estatuan salbuespen egoera larria ekarri duela eta, indarrean dagoen bitartean, ez ditugula Aurrekontuak inola ere negoziatuko. 155. artikuluari eman zaion interpretazioak,halaber, auzitan eta arriskutan jartzen du Autogobernua,eta ez soilik kataluniarrena baizik eta baita euskal herritarrena. Beraz, hori normalizatzen ez den bitartean, ez gara 2018ko Aurrekontua negoziatzera sartuko”, baieztatu du Estebanek.

Euskadiren interesak defendatzea izan da jeltzaleek Madrilen egin duten lanaren helburu nagusia. Hori izan zen,hain zuzen, Euzko Abertzaleak taldea 2017ko Aurrekontuak babestera eraman zuena, Euskadiren aldeko akordio zabalaren truke. Iazko aurrekontuen negoziaketan hainbat neurri lortu ziren esparru ezberdinetan (inbertsioak,ekonomia,industria, energía, azpiegiturak,eta abar) eta onurak ekarri zituzten Euskadiko herritarentzat. Baina,gaur egun Katalunian bizi den salbuespen eta krisi egoera sakonean, azken egunotako espetxeratzeen eta Puigdemont Presidentearen atxiloketaren ondoren, EAJ-PNVk uste du Euskadiren eta euskal hiritargoaren interesak defendatzeko modurik onena dela Katalunian 155.artikuluaren aplikazioa ez legitimatzea. Jeltzaleen aburuz, hauxe da Euskal autogobernua 155.artikuluaren mehatxutik defendatzeko garaia. Gaur egun Katalunian aplikatzen ari da baina aurrekaria ezarrita, Euskadin ere aplikatua izan liteke. “Gaur ere eskatu nahi dugu Kataluniako arazoa konpontzea eta,arazo politikoa den heinean, elkarrizketaren eta negoziaketaren bidez egitea. Apelazioa egiten dugu,politika eragileak,behin betiko, egoera hori konpontzera sar daitezela”, eskatu du Estebanek.

EAJ-PNVk uste du oraingo testuinguruan inola ere ezin duela 155.artikuluaren aplikazioa zilegitzat jo artikulu hori bultzatu,aplikatu eta gaur egun indarrean daukan Gobernuarekin aurrekontuei buruzko akordioa adostuaz. Zentzu honetan, EAJ-PNVk gogoratu nahi du PPk 155.artikuluaren aldeko gehiengo zabala lortu zuela eta gehiengo hori berori izan daitekeela 2018ko Aurrekontu Orokorrak babestu beharko dituena. Dena dela eta, ezin delako bestela izan, Euzko Abertzaleak taldeak interes handiz aztertuko du Ministroen Kontseiluak gaur onartu duen Aurrekontuen Legea. Aurreikuspenen arabera Ganberan sartuko da hurrengo asteartean, apirilak 3.

PARTEKATU