OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
EAJ-PNVk ez du Espainiako Gobernuarekin Aurrekontu Orokorrei buruzko negoziaketarik irekiko 155. artikuluaren aplikazioa Katalunian erabat indargabetuta geratu arte. Hala baieztatu du Koldo Mediavilla Euzkadi Buru Batzarreko Arlo Instituzionaleko burukide arduradunak gaur goizean Radio Euskadi Irratiari eskaini dion elkarrizketan. “Ikusiko dugu 15. artikuluaren indargabetzea benetakoa ote den Turullen balizko inbestiduraren ondoren. Hori gertatzen ez den bitartean, normaltasun bidera itzultzen ez diren bitartean, Katalunian elkarrizketa eta egoera berri bat ez dagoen bitartean, eta hori PPk eta Rajoy presidenteak ondo baino hobeto dakite, EAJk ez du ezer negoziatuko Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruan. Kataluniak normaltasun demokratikora itzuli behar du eta bere erakundeek herri ordezkarien ardurapean egon behar dute”, baieztatu du.
Mediavillari galdetu diote EAJk zer iritzi duen gaur arratsaldean Jordi Turull Kataluniako President izendatzeari buruz. “EAJk nahi du behin betiko amaitzea Katalunian gaur egun bizi den anormaltasun demokratikoa, 155. artikuluaren aplikazioarekin eta Kataluniako erakundeak Estatuaren aldetik okupatuta. Kataluniako politika eta Kataluniako erakundeak herritarren ordezkarien ardurapean egotea nahi dugu. Gaur President bat izendatzeko eguna izan liteke. Hala izango ahal da eta anormaltasunezko irizpideen mende dagoen demokrazia baten salbuespen egoerarekin amaituko ahal da” esan du burukide jeltzaleak Espainiako Estatuko botereen aldetik gai hau daramaten moduarekin ados ez dagoela adierazi baino lehen. “Ez dugu ulertzen 155. artikuluaren aplikaziotik nola erabaki daitekeen hautagai bat egokia den ala ez, aurkeztu diren guztien eskubide zibilak erabat indarrean daudenean. Gure ustez iritsi da ordua Kataluniara normaltasun politikoa buelta dadin, sen ona itzul dadin eta Kataluniako herriak bere ardurapean har ditzan bere instituzioak eta bere autogobernua”.
Burukide jeltzaleari galdetu diote EAJk pentsioei eustea baldintza gisa planteatuko ote duen Espainiako Gobernuarekin aurrekontuei buruz egin litekeen balizko negoziaketa batean. “Gu ez gara aurrekontuei buruzko inolako negoziaketa pentsioen gaiarekin lotzen ari. Oso jarrera argi eta sendoa daukagu gai honetan. 2016an pentsioei KPIa aplikatzea eskatzeko Legez Besteko Proposamena aurkeztu genuen Espainiako Parlamentuan eta PP eta Ciudadanosen gehiengoak eraitsia izan zen. Eusko Legebiltzarreko esparruan ere oinarrizko akordio bat dago aurten pentsioak %1,6 igotzea proposatzen duena eta, horri lotuta, Toledoko Itunera bueltatzea eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa Euskadiren ardurapean uztea aldarrikatzen duena. Hori da EAJren jarrera”. Mediavillak zentzu berean azpimarratu nahi izan duenez “pentsioen inguruan eskuduntzarik edo ahalmen ekonomikorik ez daukagun arren, Euskadin oso gauza garrantzitsuak egiten ari gara. Sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunen zati handi bat, laurden bat, pentsiodunak dira, bereziki alargunak, jasotzen duten pentsio eskasa RGIarekin osatzen dutenak. 16.000 pertsonek osagarri hau jasotzen dute dagoeneko” gogoratu du. EH Bilduk Euskadiko erakundeek diru hori nondik aterako ote duten zehaztu gabe proposatu dituen 1.080 euroko pentsioez galdetuta, Mediavillak zera erantzun du “sartu garen fase honetan alderdi politikoak nolabaiteko subastan sartu direla ematen du. Nik gogoratuko nieke duela 15 egun Eusko Legebiltzarrean, PP izan ezik alderdi guztiek, pentsioak KPIaren arabera igotzeko, 2013ko legea indargabetzeko eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia eskatzeko ebazpena onetsi dugula. Harritu egin nau 15 egunetan subasta horren barruan lehen esandakotik 1.080 euroko proposamenera pasatu izanak. Hemen bakoitzak erakutsi behar du zer nolako erantzukizuna duen eta herri honekin zer nolako konpromisoei eutsiko dien”, amaitu du.