Aitor Estebanek, EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak legebiltzarreko bozeramaileak, gaur salatu du PPk, PSOEk eta Ciudadanosek Sekretu Ofizialen Lege Proposamenari aurkeztu dizkioten “zuzenketa gatopardianoak” “burla bat” direla “ atzerrian agiriz agiri bilaketa amaigabean ibili behar duten historialarientzat eta bestelako guztientzat”, eta gaineratu duenez Espainia zuzenbidezko estatu demokratiko baino, “zuzenbidezko estatu oskurantista” bihurtzea dakarte.
Kontrol bilkuran Estebanek Gobernuko Presidenteari deitoratu dio bere taldeak, PSOE eta Ciudadanos taldeen laguntzarekin,ia urte bete eta erdiz atzeratu duela 1968ko Sekretu Ofizialen Legea aldarazteko eta agiriak desklasifikatzeko epe batzuk ezartzea eskatzeko EAJ-PNVk aurkeztu zuen ekimena. Orain desblokeatua izan da baina, Estebanek salatu duenez, PPk PSOEk eta Ciudadanosek aurkeztu dituzten zuzenketak “gatopardoaren antzekoak” izan direla, hau da, “dena aldatzea baina ezer ez aldatzeko”.
Aitor Estebanek Osoko Bilkuran oposizioko alderdiek Sekretu Ofizialen Legea aldarazteko Lege Proposamenari aurkeztu dizkioten zuzenketei buruz esan duenez “Partido Popularrak isilpeko materien klasifikazioa 50 urtera eraman nahi du eta epe hori mugagabe bihur dezake `pertsonen integritatea arriskutan jartzen du´ bezalako enuntziatu orokorra baliatuta. Halaber, Estebanek era berean kritikatu du Ministroen Kontseiluak gaiak era orokorrean klasifikatzeko ahalmena izatea eta “azeria oilategia zaintzen” jarri nahi izatea CNIko Zuzendariak Informazio Klasifikatuaz arduratuko den Agintaria izendatzea proposatzean. Bozeramaile jeltzaleak era berean azaldu duenez Ciudadanosek, bere aldetik, ez du ezer desklasifikatu nahi 2040 urtera arte eta “are etsigarriago” jo du PSOEren zuzenketa “2030era arte ezer ere ez desklasifikatzea” proposatzen duelako eta “Zapaterok Moratinosekin 2010ean klasifikatu zituen agiriak 2045 urtera arte klasifikatuta egotea aurreikusten duelako”.
“Erabat etsigarria da borondate eskas hau eta hitzarmenak bete gabe uzte nahi direla ikustea” aurpegiratu dio Rajoyri. “Erreforma ez dadila ezerezean geratu eta ez gaitzatela ezetza bozkatzera derrigortu” erreklamatu du.