Europako parlamentuko ALDE taldeko presidenteordeak Nueva York hirian, Nazio Batuen egoitzan, John Lennonen “Give Peace a chance” abesti ezagunaren zati bat baliatu du mundu osoko elikagaien produkzio prozesuetan emakumeak gizonen pare integratzea lur planetaren bideragarritasunaren gako nagusienetako bat dela aldarrikatzeko. “Berdintasunari aukera bat ematea, gizonak ere inplikatzea eta mugatzen dituen roletik askatzen laguntzea ere bada bakeari aukera bat eman ahal diogula azaltzeko modu bat, gosetearekin, txirotasunarekin eta etsipenarekin bukatuaz, horiek direlako gatazka guztien sorburu nagusiak”.
Izaskun Bilbao Barandicak gaur eguerdian Angela Vallina Europako parlamentuko kidearekin aurkeztu du Europako Parlamentuak Nazio Batuen 62. Biltzarrari emakumearen estatuturako eskaini dion txostena. Europak prestatu duen txosten honen helburua da landa guneetan bizi diren emakumeen ahalduntzea eta Emakume Nekazariaren Euskal Estatututik hartutako hainbat ekarpen jasotzen ditu. Eurodiputatu biak Euro ganberak iragan martxoan osoko bilkuran onetsi zuen txostenaren egile eta aurkezle izan dira. Diputatu biek, Europako Parlamentuko Berdintasun Batzordeko hainbat kiderekin batera, atzo eta gaur hainbat bilera egin dituzte Nazio Batuen erakundearen barruan emakumeen ahalduntzeko programetan lan egiten duten erakunde eta instituzioetako ordezkariekin. Nazio Batuen erakundera eraman duten programa berean aurreikusten zen Antonio Guterres Erakundeko idazkari nagusiarekin batzartzea eta bilera hori gaur goizean egin da (Nueva Yorkeko ordutegia).
Izaskun Bilbao Barandicak bere diskurtsoan hainbat datu gogoratu nahi izan ditu, besteak beste landa inguruan egiten den lan osoaren hiru heren emakumeen esku dagoela, lan errenta guztien %10 jasotzen dutela eta produkzio baliabideen ehuneko bata baino ez dutela. Halaber, gosetea pairatzen duten hamar pertsonetatik 7 emakumeak edo adingabeak dira. “Marjinazio hori, esan du, ikasitakoa da, gizarteak sortu du. Eta gaitz handiak sortzen ditu, ez bakarrik Oinarrizko Eskubideen terminoetan edo Justizia eta Demokrazia terminoetan,baizik eta baita emaitza ekonomikoetan ere. Emakumea lehen sektoreko produkzio prozesuetan gizonen baldintza berdinekin integratuko balitz, inpaktu onuragarri, zuzen eta arina izango luke sektore honen produktibotasunean, %30etik gorako portzentaje batean,hain zuzen”.
Euskal eurodiputatuak azaldu duenez,ondorioz, landa guneetan berdintasuna “beharrizana eta derrigorra” da “munduak behar duen norabidean benetako iraultza sustatuko badugu. Goseteak hiltzen duenean, lurralde batean bizirik irauteko aurreikuspen eskasak daudenean, milioika pertsonek galtzeko ezer ez dutenean, mugimendu migratzaileak sortzen dira eta horiek jatorrian baino ezin dira konpondu, etsipena sortzen duten kausak desagerraraziaz”. Aldaketa hau ezinbestekoa dela erakusten duten esperientziak azaldu ondoren “emakume ahaldundu eta ekintzaileen” eginkizuna goretsi du “produkzio baliabideen jabe diren, finantzaketa jasotzeko aukera duten, erabakitzeko prozesuetan dauden eta transformazio eta merkaturatze kateen kudeatzaile diren emakumeena”, eta berretsi egin du “mendeak ezagutza metatzen daramatzaten arren ezagutza hori balore bilakatzen utzi ez dieten emakume nekazariei babesa emateko beharra”.
Europako Parlamentuak 62. Biltzar honetan aurkeztu dituen ekarpenak ildo horretatik doaz eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako lanari are indar handiagoz ekitea bezalako neurri orokorrez gain planteatzen dute derrigortutako ezkontzen eta mutilazio genitalaren aurka egitea, prestakuntzan eta hezkuntzan eragitea eta doako zerbitzu sozial eta unibertsalak ematea emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko. Neurri zehatzetako batzuk dira emakumeak ahalduntzea landa guneetako eragile sozial eta ekonomiko izan daitezen. Neurri horien artean ere, esan du diputatu jeltzaleak “landa guneko Emakumearen Estatutua” dago, Euskadin indarrean dagoena bezalakoa. Estatutu honek aurreikusi beharko du ustiapenen jabego edo titulartasuna emakumeen esku egoteko aukera, segurtasun sozialeko sistemetan sartzea eta jarduera eta produktu berriak finantzatzeko bide bereziak; trebakuntza digitala aurreikusiko duen prestakuntza berezia, emakumeen eginkizunari bestelako dimentsioa eman diezaion produktu berriak egiteko eta merkaturatzeko prozesuan, eta emakumeei sarbidea ematea erakunde publiko eta pribatuetako erabakitze prozesuetan”.
“Ez gara soilik berdintasunaz edo landa inguruaz ari”, amaitu du Bilbao Barandicak. "Iraunkortasunaz eta jasangarritasunaz ari gara, justizia sozialaz, egonkortasunaz, itxaropenaz. Talentuaz eta gaitasunaz hitz egiten dugu, aukera berdintasunaz. Eta martxan dauden emakumeek sortzen dituzten datuek dakarten itxaropena planteatzen dugu bestelako ereduaren kontra, menderakuntzaren ereduaren kontra, beste baten aurrean makurtu beharraren kontra, mendekotasun egoeren eta desberdintasunaren aurka, erne dauden gizonen ereduaren aurka, gizarte eta datu okerragoak eragiten dituelako”.