Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur aldarrikatu du Europako Batasunak “Kanariak, Euskadi eta Katalunia moduko Estaturik gabeko nazioentzat, adierazteko eta erabakitzeko moduak bideratzea”, Europar proiektuak dauzkan erronka ugariei aurre egiterako orduan. Jeltzaleen buru eta EADko presidenteordeak gaur arratsaldean hitz egin du Europako Alderdi Demokratak Las Palmas Kanaria Handikoan egin duen Kontseilu Politikoan. “Europak arazo ugari ditu eta konponbidea eman behar die. Eta, konponbide horiek bilatzeko orduan Estatuen ekarpena ez da nahikoa. Europak are ekarpen gehiago behar ditu. Estaturik gabeko nazioen ekarpenak behar ditu, Euskadirenak, Kanariar Irlenak , Kataluniarenak eta Europan dauden beste hainbatenak. Gu Europari gure ekarpena egiteko irrikan gaude, baina Europak parte hartzeko bidea eman behar digu beste errealitate garenoi, denon artean, Europa hobea eraiki dezagun. Hori, egingarria ez ezik, desiragarria ere bada”, esan du Ortuzarrek. Hitz egiteko izan duen tartean, jeltzaleen presidenteak Europar proiektuaren aldeko aldarria egin du. “Europari hainbatetan begiratzen diote herritarrek zerbait urruna, artifiziala, ezereza eta balio gabekoa balitz bezala, eta ez da horrela. Europako gizarteek gaur egun dituzten arazoen irtenbidea, neurri handi batean, Europako Batasunetik etorriko da eta ez Estatuen eskutik, baina Europak bere subsidiariotasunean sakondu behar du. EAJ-PNVn sinisten dugu hiritarrengandik hurbilen dauden erakundeek izan behar dutela zerbitzuak eman behar dituztenak eta Europako Batasunak emango dituen soluzioak aplikatu behar dituztenak”, baieztatu du Ortuzarrek.
Goizean, EADk Inmigrazioari buruzko hitzaldia eskaini du eta bertan hitz egin du eurodiputatu jeltzale eta ALDE Groupeko presidenteorde Izaskun Bilbao Barandicak. Ortuzarrek gai bera aipatu du arratsaldeko hitzaldian eta Europak “benetako inmigrazio eta babes politika aplikatu beharra” planteatu du. “Europan daukagun arazoari Europatik bertatik irten behar den konponbidearekin erantzun behar zaio. Europa ezin da gotorleku itxia izan, baina aldi berean mugimendu migratzaileak arautu behar ditu Batasuna fundatu zuten balore berberetan oinarrituta: gizalegea, elkartasuna eta erantzukizuna” .
Hitz egiteko txandak amaitutakoan egin den eztabaidan, Ortuzarri galdetu diote EAJ-PNVk estatu mailako politikan daukan eginkizun garrantzitsuaz, eta hain zuzen ere bere alderdiak 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko ote dituen. “Guk ulertzen dugu, ezin baita bestela izan, PPk eta Rajoyk Aurrekontuak izan nahi izatea, gobernu jarduna garatu ahal izateko eta erakunde guztiek behar duten egonkortasuna izateko. Baina PPk eta Rajoyk,aldi berean, koherente izan behar dute eta koherentziaz jokatu behar dute, eta ulertu behar dute beraientzat ona dena besteentzat ere dela. Gobernu zentralak egoera politikoa normalizatzen joan behar du, eta ez bakarrik berea Aurrekontuei lotuta dagoena, baizik eta baita beste gainerako egoera politikoak ere, Kataluniakotik hasita. EAJ bezalako alderdi batek, alderdi abertzale batek, ezin du 155.artikuluaren aurrean ez ikusiarena egin. Baina 155.a hor dago, indarrean dago eta neurriz kanpoko neurria da, ez zen sekula aplikatu behar eta guk ez dugu gustuko. PPk eta Rajoyk egonkortasuna eta Aurrekontuak nahi badituzte, beraiek dira Kataluniako politikari atea ireki behar diotenak. Hori egiten ez duten bitartean ezin dute planteatu EAJren babesa jasoko dutenik. Eta Rajoyrentzat, Aurrekontuak horren garrantzitsuak badira, baina 155.a erretiratu gabe jarraitu nahi badu, orduan koherentea izan beharko du eta 155. artikuluarekin babestu zuten alderdiengana jo beharko du,haiek izan daitezen Aurrekontuekin ere babesa emango diotenak. Politikan koherentziaz jokatu behar da eta EAJk hala jokatzen du. 155. a erretiratzen denean aukera berria irekiko da Estatu mailako elkarrizketa eta negoziaketa politikorako”.
Espainiako estatuan pentsio sistemaren baitan gaur egun dagoen krisi larria ere izan da hizpide Kontseilu Politikoaren ondorengo hizketaldian, eta Ortuzarrek bere ikuspuntua azaldu du. “Pentsioak hobetzea 2018ko Aurrekontuak onartzearekin lotzea da Rajoyk aurreko asteazkenean baliatu zuen trikimailua, eta guri baino Ciudadanosi bota zion erronka, gaur egun bere aurkari nagusiari eta bere kezka nagusiari, eta ezkerrari ere, ogia eta gatza ukatzen dion egoera honetan. Baina trikimailua baino ez da. Pentsioek urteko aurrekontuetan egin daitekeena baino zerbait sakonagoa behar dute. Rajoy nahiko labur geratu zen. Toledoko itun berriak behar dira, azken urteotan txarto ibili den bidea desegin behar da. Hobe litzateke batzuek iragan asteazkenean Kongresuan egin zituzten lore jokoak egin beharrean, denok pentsioen arazoari adarretatik hartzea eta Toledoko Itunaren inguruan esertzea. Azken 15 urteotan pentsioen itsulapikoarekin egin den kudeaketa oso txarra izan da. Erabaki okerrak hartu dira eta, ondorioz, oso baliabide gutxi dauzkagu sistemari eutsi ahal izateko. Arazo honi konponbidea emateko, ekonomia hobetu behar da eta, jakina, kudeaketa zuzenagoa egin behar da gaur egun dauden baliabideekin. Eta horretarako eseri, hitz egin eta Toledoko Ituna berrabiatu beharra dago” baieztatu du jeltzaleen buruak.
Ordezkari jeltzaleak izan dira Las Palmas Kanaria Handikoan EAD-PDEk atzo eta gaur egin duen Kontseilu Politikoan. Ortuzar eta Bilbao Barandicaz gain, topaketan izan dira EBBko idazkari Mireia Zarate, Nazioarte gaietarako burukide Mikel Burzako, Antolakuntza arloko burukide arduradun Joseba Aurrekoetxea eta EAJren Kanpo EKintza Batzordeko arduradun Jose Mari Etxebarria. Atzo , ordezkari jeltzaleak eta Coalición Canariako buruak batzartu ziren 2019ko Europako hauteskundeetarako koalizioa prestatzen hasteko lanei hasiera emateko, beste alderdi politiko batzuentzat ere zabalik dagoen indar eta interesen batura osatuz.