Izaskun Bilbaok EADren gailurrean aldarrikatu du Europak bere sorrerako baloreetan oinarritutako erantzuna eman beharko lukeela errefuxiatuen krisiari konponbidea ematea xede

Eurodiputatu jeltzale eta Alde Taldeko presidenteordeak gaur goizean hitz egin du Europako Alderdi Demokratak, Las Palmas Kanaria Handikoan, Migrazioari buruz antolatu duen hitzaldian
Izaskun Bilbaok EADren gailurrean aldarrikatu du Europak bere sorrerako baloreetan oinarritutako erantzuna eman beharko lukeela errefuxiatuen krisiari konponbidea ematea xede
16 Martxoa | Europako Legebiltzarra

Oharra: Hitzaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Izaskun Bilbao Barandicak, eurodiputatu jeltzale eta Europako Parlamentuko Alde taldeko presidenteordeak gaur esan du Europako Batasunak bere sorrerako baloreetan oinarritutako erantzuna eman beharko lukeela errefuxiatuen krisiari konponbidea emango bazaio. Bilbao Barandica izan da EAJ-PNVren ahotsa gaur goizean Las Palmas Kanaria Handikoan, EAJ integratuta dagoen Europako Alderdi Demokrataren Kontseilu Politikoaren barruan Migrazioari buruz egin den hitzaldian. Eurodiputatu abertzaleak gaur aldarrikatu du Europako gobernantza eta egitura instituzionalaren erreforma sakon batek baino ez duela ahalbidetuko errefuxiatuen krisiari irtenbidea emateko behar den politika globala abian jartzea. Proposatutako neurrien artean, Bilbao Barandicak aurreikusi du politika horiek planifikatzeko lanean erregioetako eta tokian tokiko agintariak integratzea, haiek direlako zerbitzuak ematen dituztenak eta herritargoak erreklamatzen duen elkartasuna ondoen adierazten dutenak. Halaber, EAJ-PNVren aldetik ere aldarrikatzen da Batasunaren erakundeei behar besteko baliabide eta botere instituzionala ematea Estatuei, irtenbideak atzeratzen edo oztopatzen dituztenei, errefuxiatuak hartzeko kuotak betetzea derrigortzeko eta migrazioak sortarazten dituzten gatazken aurrean Batasunak kanpo ekintza bateratua lideratzea ahalbidetzeko.

Bilbao Barandicak azpimarratu du nazioetako hainbat liderrek erakutsi duten lidergo eta maila politikorik eza dela hainbat Estatu kideren aldetik Europa mailako politika ugari abian jartzeko orduan jartzen diren oztopoen sorburua. “Europako Batzordeak eta Parlamentuak politika horiek defendatu arren, Europako Kontseiluaren mahai gainean atzeratzen dira edo porrot egiten dute”. Horren arazo larriari hain erantzun ahula ematearen errua “Bruselari” egozteak talka egiten du Schumannek Ikatzaren eta Altzairuaren Komunitatearen sorrera defendatu zueneko adore eta lidergoarekin, indarra ematen die diskurtso populistei eta “Batasunaren lorpenik handienetako bat zulatu du, Schenen Esparrua,alegia. Gaur egun hori baita euro eszeptizismoaren babes eta bultzatzaile nagusiena”.

Ordezkari jeltzaleak gogora ekarri du hauxe gertatzen dela “duela hamarkada bat arazoak hasi zirenetik eta hainbat Estatu erronka honi kanpoko muga duten herrialdeen arazoa bailitzan begiratzen hasi zirenetik”. Ondoren, eta Europa mailan eman beharreko erantzuna onartu zen arren, hainbat akordio utzi dira bete gabe,hauen artean kuotak betetzeko eta babes eskarien izapideak bateratzeko behar diren erreformek ere ez dute behar besteko erritmoan aurrera egiten. Hori dela eta, euskal eurodiputatuak proposatu du arau horiek betetzen ez dituztenei isunak ezartzea eta Batasunaren baitan eta kanpotik bete beharko diren neurri batzuk planteatu ditu, eskuragarri dauden baliabideak egokiro erabiltzeko eta pertsonen mugimendu hauek eragiten dituzten gatazken eta biziraupen krisien aurrean, nazioarte mailan, Europaren esku hartze esanguratsua ahalbidetzeko.

Bilbao Barandicak Turkiarekin adostutako akordioaren edukia deitoratu du, “ezin delako Batasunaren sorrerako baloreekin konprometituta dagoen inoren gustukoa izan”. Erdoganen erregimenaren izaera autoritarioak eta hitzarmen hau “konpondu ezin dugun arazo baten alderdirik dramatikoena ezkutatzeko alfonbra” delako pertzepzioak eurodiputatua animatu dute “akordio hori finantzatzen duen diruaren nazioartekotzea” planteatzera, diru hori errefuxiatuen esparruak hobetzeko eta lehen mailako beharrak dituzten pertsonei zuzentzeko eta errefuxiatuak hartzeko politikak finantzatzeko. Brusela eta Estrasburgoko ordezkari jeltzaleak proposamen bilduma bat mahaigaineratu du,hauen artean eta proposamen berritzaile gisa, Europako hainbat eskualdeetan ematen den despopulatzea eta errefuxiatuak hartzeko prozesua elkarrekin aztertzea planteatu du. Era berean, migratzaileen jatorrian bertan eman beharreko lankidetza azpimarratu du garapen jasangarri eta iraunkorra ahalbidetzeko, babes eskarien izapideak bateratzeko, laguntzarik gabe dauden adingabeei arreta berezia emateko edo inmigrazio ekonomikorako arauen aldaketa sakona egiteko, eta kuotak EBrren beharrizan demografiko eta laboralen arabera ezar daitezen.

“Neurri horiek eta abian jartzeko behar den diskurtso politikoa dira, eman behar dituzten emaitzekin, eztabaida honen aurrean batzuek darabilten populismoaren kontra Europan egin behar den kanpainarik onena. Azken finean, Europa gehiago behar dugu, baina bestelako Europa bat, sozialagoa, pertsonen zerbitzura egongo dena eta behetik gora eraikia, borondatezko atxikimenduak batuz. Horrela eraikitzen da Europako Batasuna eta Estatuek aukera ematen badute, erakutsiko du baliagarria dela herritarrentzat eta altruismo eta elkartasun erreferenteak behar dituen gizateriarentzat, Batasunaren sortzaileei hasierako bultzada eman zietenak bezalakoak,hain zuzen” , amaitu du Izaskun Bilbao Barandicak.

PARTEKATU