Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta Europako Alderdi Demokratako presidenteorde Andoni Ortuzar izango da bihar,osteguna, Coalición Canaria alderdiaren buruekin elkartzeko eta EADren Kontseilu Politikoan parte hartzeko Kanarietara bidaiatuko den EAJ-PNVren ordezkaritzako burua. Ortuzarrekin batera, jeltzaleen ordezkari izango dira Mireia Zarate EBBko idazkaria, Nazioarte gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako, Antolakuntza gaietarako burukide Joseba Aurrekoetxea eta europarlamentari jeltzale eta ALDE groupeko presidenteorde Izaskun Bilbao Barandica.
Euskal ordezkariak bihar eguerdian iritsiko dira Las Palmas Kanaria Handikora. Arratsaldean,lehen orduan, Coalición Canaria alderdiko buruekin batzartuko dira, zeinekin EAJ-PNVk harreman estu eta emankorrak dituen. Kanarietako ordezkariko buru izango da CCko idazkari nagusi José Miguel Barragán, eta CCren ordezkaritza berarekin batera osatuko dute la Guadalupe González Taño Antolakuntza idazkariak,José Miguel Ruano, Analisi , Azterlan eta Programetarako idazkari nazionalak eta Narvay Quinterok, Kanpoko Politiketarako eta Kanpo Politikarako idazkari nazionalak. Bi gai izango dira batzarrean jorratuko dituzten gai nagusiak: alde batetik, gaur egun Espainian bizi den Estatu ereduaren krisi sakona, Euskadiko eta Kanarietako nazio errealitateak kaltetzen dituena; eta, bestetik, 2015ean bezala, EAJ-PNV eta CC 2019ko maiatzeko hauteskundetan koalizio berean aurkezteko egon daitekeen aukera. Bilera Las Palmas Kanaria Handian egingo dute, Coalición Canaria alderdiaren egoitzan.
Jarraian, ordezkari jeltzaleek datorren ostiralean Migrazioari buruz egingo den Hitzaldian eta EADren Kontseilu Politikoaren bileran parte hartuko dute. Bilera hauek hiriburuko Santa Catalina Hotelean egingo dira: Migrazioari buruzko Hitzaldia, goizean, eta Kontseilu Politikoa, arratsaldean.
Migrazioari buruzko Hitzaldian, hizlariek besteak beste azalduko dituzte Euskadin,Eslovenian, Frantzian, Portugal eta Italian eginiko esperientziak. Halaber, lankidetza politikoari buruz jardungo dute eta, bereziki, hizpide izango dituzte lankidetza deszentralizatua, Afrikan ematen diren gobernantza arazoak eta diasporak Kontinentearen garapenean daukan funtzioa. Izaskun Bilbaok EAJ-PNVren eta ALDE Groupen izenean hitz egingo du. Halaber, beste hainbaten artean hitz egingo dute Fernando Clavijo Kanarietako Gobernuko presidenteak; Karl Erjavec Esloveniako Kanpo Gaietarako ministroak; François Bayrou EADko presidentekide eta Frantziako Gobernuko ministro ohiak, Marielle de Sarnez Frantziako Nazio Biltzarreko Kanpo Ekintza gaietarako Komiteko presidenteak eta Marios Georgiadis Greziako Parlamentuko presidente ohiak.
Kontseilu Politikoak arratsaldean egingo duen bilerak Andoni Ortuzarrek hitz egingo du EAJ-PNVren izenean. EBBko presidenteak EADri informatuko dio Mexikora berrikitan egin duen bidaiaz, eta Espainiako Estatuan bizi den ezegonkortasun politikoari buruz daukan ikuskera azalduko du.