“Torturak eta tratu txarrak betidanik gaitzetsi ditugu, biktimak ezberdindu gabe eta egindako min bidegabea aitortuz. Betidanik eskatu dugu kasu guztiak ikertzea eta ilungunerik egon ez dadila. Ertzaintzak urteak daramatza Giza Eskubideak babesteko eta tortura eta tratu txarrak saihesteko neurriak garatzen. Ez legoke txarto PPko Gobernuak Eusko Jaurlaritzak torturen inguruan egin duen txostena kritikatzeari utziko balio eta erantzukizunez jokatzeko eta halako praktikak desagerrarazteko mekanismoak hobetzeko izpiritua bereganatuko balu”. Hori izan da EAJ-PNVk Giza Eskubideen Europako Epaimahaiak Espainiako estatua Igor Portu eta Mattin Sarasolari eginiko torturengatik kondenatzeko eman duen ebazpenari eman dion erantzuna.
Ebazpen horren aurrean eta Espainiako gobernuari torturak eta tratu txarrak salatzen ez dituelako eman zaizkion beste hainbat ebazpenen aurrean, Iturratek zera eskatu dio Espainiako gobernuari “kontuan har dezala, ebazpena bete dezala,jarrera proaktibo eta positiboa har dezala Giza Eskubide guztiekiko konpromisoarekin,halako praktikak desagerrarazteko helburuarekin eta Espainian egin den torturaren errealitateari buruzko ikerketa independentearekin”.
Amaitzeko esan du “Estatuak bat egin behar duela ikerketa eta prebentzio lanekin kolaboratzeko asmoarekin, Ertzaintzarena moduko polizia eredua sustatuaz, hau da, torturaren praktikarako guneak egotea saihesteko protokoloak garatuaz eta Polizia etxeetan bideo-behaketa kamerak instalatzea eta atxiloketa inkomunikatua mugatzea moduko neurriak hartuaz”.