EAJ-PNVk ekimen politikoak hasiko ditu aste honetan Manuel Sánchez Corbí UCOko operazio burua Espainiako Gobernuak gaitzetsia izan dadin asteburu honetan La Vanguardia egunkarian argitaratutako elkarrizketan egin dituen “salaketa larri eta funsgabeengatik”.
ETAren kontra “berak” eginiko borroka azaltzeko liburua ezagutzera emateko eskaini duen elkarrizketan, Guardia Zibilak, torturak egiteagatik kondenatua eta gero José María Aznarren gobernuak indultatua izan zenak, ETAren kontrako borrokan “gaizkileen bandoan” kokatu ditu “etarrak, batasunoak, peneuvistak eta Euskadiko Eliza”.
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko EAJren taldeko bozeramaileak, baieztapen horiek “onartezin” jo ditu eta Sánchez Corbík “zerbitzari publiko baten kasuan lekuz kanpo dagoen tonu batean, gainera, anbiguotasun larria erakusten du” GALen jardunari buruz galdetu zaionean. “Ezin da bere horretan geratu bere nagusiek berehala gaitzetsi gabe” esan du Estebanek.
Horregatik guztiagatik Diputatuen Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeak ekimen politikoak hasiko ditu Manuel Sánchez Corbí Espainiako gobernuak publikoki gaitzetsia izan dadin. Ez bada hala egiten, Exekutiboarengana joko du erantzukizunez joka dezan.