Oharra: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Batzuek pentsatuko zuten abenduaren 21ean Kataluniako nazionalismoa Konstituzioaren eta 155. artikuluaren azpian lurperatuta geratuko zela, baina ez da horrela gertatu”, baieztatu du Mediavillak, eta era berean azpimarratu duenez “Kataluniarren gehiengo handi batek, ia 2,4 milioi herritarrek, beren etorkizun politikoa erabaki nahi dute askatasunez eta demokratikoki. Argi geratu da kataluniarren sentimendu nazionala hor dagoela eta aitortza eskatzen duela”. Burukideak era berean aitortu duenez, “horren ondoan onartu behar da 2,2 milioi kataluniarrek aukera ez independentisten alde egin dutela”. “Hori da argazkia eta Kataluniako klase politikoak, baina batez ere Espainiakoak, konponbideak bilatu beharko dituzte Kataluniako gizartea asebetetzeko moduko marko politiko eta juridikoa aurkitzeko”, eskatu du.
Mediavillaren eta EBBren aburuz, “agerian geratu da 155. artikulua, Parlamentaren disoluzioa, Gobernua kanpoan utzi izana, auziperatzeak, poliziaren jarduna, erakundeen funtzionamendua derrigortzea ez direla konponbide egokiak, ez dutela ezer konpondu”. Ildo beretik burukideak aldarrikatu duenez, “jarrera berriak behar dira, proposamen politiko berriak” .
Galderak egiteko zabaldu den tartean, Mediavillari galdetu diote Vitoria-Gasteizko aurrekontuez, Euskadiko hiriburua izango delako, seguruenik, 2018rako Aurrekontuak onartuko ez dituen Euskadiko erakunde nagusi bakarra. “Aurrekontuena ez da Vitoria-Gasteizen eman den salbuespena. Vitoria-Gasteizen ematen den salbuespena da, Euskadiko gainerako erakundeetan ez bezala, PP eta EH Bildu eskutik doazela inolako konplexurik gabe. EH Bilduri eta Miren Larrioni ez die axola elkarrekin bat egiteak eta Vitoria-Gasteizko argazkian ‘155.aren PP’ deitzen dutenarekin batera agertzeak , hori bai dela zinismoa eta koherentziarik eza argia. EAJri exijitzen diote 155.aren aplikazioagatik Eusko Jaurlaritzan PSErengandik banatzea eta Madrilen PPrekin apurtzea , baina beraiek PPrekin bat egiten dute beren gauza eta kontuetarako. Kasu honetan ez da gasteiztarren ongizatea batzen dituena, baizik eta Gorka Urtaran eta EAJ desgastatzeko eta ahultzeko duten asmoa. Horiek dira beren aurkari nagusiak, Urtaranek eta EAJK gauzak ondo egiten dituztelako. Horixe da Vitoria-Gasteizen eman den salbuespena: PP eta EH Bilduk osatzen duten EZETZAren koalizioa”, izan da bere erantzuna.