Oharra: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Ana Esther Furundarena, Euzkadi Buru Batzarreko Euskara eta Kultura gaietarako burukide arduradunak; Izaskun Bilbao Barandica, ALDE taldeko Presidenteorde eta eurodiputatu jeltzaleak; eta Loránt Vincze, Europako Nazionalitateen Batasun Federaleko (FUEN) presidenteak, Bilbon gaur goizean eman dute ezagutzera Europako erakundeei Batasunaren baitan dauden gutxiengo nazionaletako 50 milioi herritarren eskubideak babesteko legeria loteslea eskatzeko xedez abian jarri den kanpaina. ‘Minority SafePack’ izeneko ekimen honek hainbat aste daramatza martxan eta milioi bat izenpe batzea du xede, gutxienez Batasuneko zazpi Estatutan eta apirila baino lehen. Ekimenaren alde hurrengo helbide elektronikoak sina daiteke: http://www.minority-safepack.eu
Jeltzaleek bat egin dute Europa mailan abian jarri den eta FUEN erakundeak Europako Parlamentuko Gutxiengoen Taldeartekoan izan zen aurkeztua. Foro hartan EAJ-PNVk ekimena Euskadin ezagutarazteko eta bultzatzeko konpromisoa hartu zuen. Hori dela eta, jeltzaleek ekimena ezagutzera eman dute gaur goizean euskararen alde lan egiten duten hainbat eragile eta erakunderekin egin duten lan bileran. FUENeko presidenteak berak, Lorant Vinczek, euskararen lurralde guztietatik, Euskal Autonomi Erkidegoetatik, Nafarroa eta Ipar Euskal Herritik, etorritako euskaltzaleei azaldu dizkie ekimenaren nondik norako guztiak. Vinczek erakunde hauek guztiak animatu ditu hurrengo asteotan beren elkarteetako kideen artean izenpeak batzera, Europa mailako gaietarako aurreikusten den parte hartze sistemarako ezarrita dauden prozedurekin ados, legeria loteslea lortzeko xedez abian jarri den ekimenaren alde. Gutxiengoen Taldeartekoan hartu zen konpromisoa betetzeko ere, EAJ-PNVk ‘Minority SafePack’ ekimenerako egin den web gunea euskaratu du eta gaur goizean ekimenaren berri emateko prentsa aurrekoa eskaini du Sabin Etxean.
Furundarena itxaropentsu agertu da ekimena prentsa aurrean aurkezteko egin den topaketan “euskara eta aniztasuna maite dugunok bultzada esanguratsua eman diezaiogun Europako Batasunaren fundatzaileek Europari eman zioten esanahia berreskuratzera eta Batasuna behetik gora eraikitzera bideratutako herritarren ekimen honi, Europa bere hiritargoa dena eta sentitzen duena bezalakoa izan dadin”. “Europak jakin behar du, euskarak Europa behar duen neurri berean, Europak euskara behar duela, bretoiera, galesera, katalanera eta beste hainbat hizkuntza behar dituen neurri berean. Horrela baino ez baita lortuko ‘Aniztasunean Elkartuta’ Europako goiburua sinesgarria eta eraginkorra izatea. Gaur ezagutzera eman dugun ekimena urrats berria da helburu hori garamatzan bide honetan”, baieztatu du burukideak.
Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatu jeltzaleak bere aldetik azaldu du gaurko ekitaldian aurkeztu den ekimena dela Europako Parlamentuko Gutxiengoen Taldeartekoaren baitan hainbat urtetan eginiko lanaren fruitua, lan hori Estrasburgoko Adierazpenean eta Alfonsí Txostenean islatuta geratu delarik. Lehen agiriak jasotzen ditu agiri diplomatikoetan, ebazpenetan eta Batasunaren Itunetan gutxiengoen eskubideei buruz agertzen diren eskubide guztiak, eta horiek denak lege lotesle bihurtzea aldezten du. Bestetik ere, ordezkari jeltzaleak planteatutako zuzenketari esker, agiriak era berean jasotzen du Europaren bitartekaritza eskatu ahal dela herrialderen batean elkarrizketa ezagatik arazo edo gatazkaren bat trabatuta geratzen denean. Alfonsí Txostenak, bere aldetik, Europako Batasuneko hizkuntza gutxituen hiztunen eskubideak jorratzen ditu. Europako herritarren ekimen honen helburua da aniztasuna babeseko adierazpenak eta Hizkuntza Gutxituen eta Erregioetako Hizkuntzen Karta bezalako agirietan jasota dauden eskubideak legeria lotesle bihurtzea. Era berean bilatzen du gutxiengoen eskubideei buruzko aitortza zehaztea eta garatzea eta baita hizkuntza horiek diskriminatzeko debekua ere bai, Lisboako Itunean eta Oinarrizko Eskubideen Europako Kartan adierazita dagoen legez.
Loránt Vinczek FUENeko presidenteak, bere aldetik azpimarratu du euskararen komunitateak ekimenari emango dion bultzada oso garrantzitsua izango dela “euskal hiztunak erreferente garrantzitsua direlako Europa mailan hizkuntza gutxituak babesteko eta sustatzeko lanean”. Vinczek era berean azpimarratu du euskara bultzatzen duten elkarteek egiten duten ekarpena eta erakundeen aldetik egiten den sustapen lana oso tresna indartsu eta erabakigarriak direla halako kanpainak sustatzeko eta, horrez gain, adibide eredugarriak direla beste hizkuntza komunitateentzat. Amaitzeko, FUENeko presidenteak azpimarratu du hizkuntza eskubideak direla eremu urriko komunitateei babestu behar zaizkien eskubideetako batzuk. “Euskadiko autonomia maila eta euskara babesteko eta bere erabilera areagotzeko egiten ari diren ekimenak eredu dira Europa osoarentzat” baieztatu du.
Zer da Europako Herritarren ekimena
Europako Herritarren ekimena da herritarrek Europako erakundeen bizitzan parte hartzeko prozedura bat. Prozedura honek Europako Batasuneko edozein herritarri ematen dio Europako Batzordeari zuzendutako gonbidapen bat sustatzeko aukera, erakunde honek gai zehatzen baten inguruko ekimen legegilea abian jar dezan. Ekimena martxan jartzeko, sustatzaileek Europako Batasun osoan izenpeak batzeko sistema gaitu behar dute eta milioi bat izenpe batu behar dira gutxienez zazpi Estatu kidetan. Estatu parte hartzaile bakoitzak bere herritar kopuruaren araberako gutxieneko izenpe kopuru zehatz bat eman behar du. Kopuru hau herritarren ekimen hau sortzeko egin zen zuzentarauak arautzen du. Izenpeak batzen direnean ekimena Batzordean aurkezten da eta erakunde honek hiru hilabeteko epea dauka bere edukia aztertzeko. Antolatzaileak Batzordeko ordezkariekin batzartuko dira beren ekimena planteatzen dituen gaiak zehatz-mehatz azaltzeko. Aldi berean, Europako Parlamentuan agerraldi publikoa antola dezakete beren proposamena aurkezteko. Batzordeak agiri ofizial bat onetsiko du eta, egotekotan, herritarren ekimenari erantzuna emanez proposatuko dituen neurriak jasoko ditu eta zerbait egiteko edo ez egiteko erabakia arrazoitzeko zioak azalduko ditue. Proposamena ekimen legegile bihurtuko balitz, ohiko prozedura bidez izapidetuko litzateke eta, gaiaren arabera, Parlamentuak, Batzordeak eta Kontseiluak parte hartuko lukete.